Edukira joan

Nazca kultura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezpalarta, Nazca zeramika, Larco Museoa. Lima, Perú

Nazca Antzinako Peruko kultura bat zen, Nazca probintzian sortua (Ica departamenduan) I. mende inguruan eta VI. mende arte iraun zuena. Antzekotasun nabarmena du Paracas kulturarekin, Nazcako oihaletako irudietan edo zeramikazko ontzietan esaterako, eta Nazca Paracasko kulturaren eratorria zela esan daiteke horrenbestez.

Dena dela, Paracasen adierazpide nagusi gisa oihalgintza erabili zen bezala, Nazca kulturan aldaketa bat egon zen, eta zeramikak hartu zuen oihalgintzaren lekua. Arkitektura aski apala zuten. Ez da pezozko edo harrizko eraikin handirik aurkitu; etxeak txikiak ziren, adobezko hormekikoak, eta herrixketan bezala antolatuta bide zeuden. Nazca kulturako hiri nagusia Cahuachi izan zen; hango aztarna aipagarrienak hilobiak dira: ganbera batera iristen den putzu modukoak dira eta, Paracas kulturako joerari jarraituz, oihalez estalita agertu dira gorpuak. Piramide txikiak eta terrazak ere aurkitu dira.

Baina hilobietako zeramika aberatsak dira kultura honetako arte lan bitxienak.

Adituen ustez, zeramika lantzeko artista espezializatuak zituzten, eta teknikak maila gorena iritsi zuen haien eskuetan. Moldeei dagokienez ez dira oso bereziak -esfera formako ontziak egiten ziren batez ere-, baina bikainak dituzte kolorea eta marrazkiak. Hasieran Paracasko artearen eragina nabarmendu zen, baina denborarekin gero eta elementu sinboliko eta izadiko moldeetatik urrunagokoak agertu ziren. Ale meheko buztina erabili zen, maskor xehetuarekin nahasturik edo mikarekin nahastutako harea bestela. Buztina egosi aurretik margotzen zuten, hamar kolore oinarrizko erabiliz; irudiak beltzez marrazten ziren lehenik, hondo zuriaren gainean, oro har, eta ondoren kolore lauez betetzen ziren. Gaiei dagokienez, errepertorio abstraktua eta sinbolikoa zuten, esan bezala; sarritan agertzen dira, esaterako, uretako katua, katu deabrua, eta ugariak dira, halaber, irudi geometrikoak, azkenaldian batez ere.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]