Edukira joan

Itsasontzi

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Itsasontzi bat (Queen Elizabeth 2 bidaiari-ontzia)

Itsasontzia orokorrean itsasoan zehar nabigatzeko erabiltzen den ontzia da, gehienetan nahiko handia. Forma ahurra duen egitura izaten da, zurez, metalez edo beste material batez egina egon daitekeena. Bere formagatik eta Arkimedesen printzipioagatik flotatzen du uretan. Merkantziak edota bidaiariak garraiatzen ditu, eta arrantza, ikerkuntza edo eta defentsa gisako arloetarako erabiltzen da. Historikoki, "itsasontzi" bat gutxienez hiru masta zituen belaontzi bat zen.

Itsasontziek eragin handia izan dute pertsonen migrazioan eta merkataritzan. Oinarrizkoak izan ziren kolonizazioa zabaltzeko eta esklaboen salerosketarako. Halaber, zientziaren, kulturaren eta arlo humanitarioaren beharrei erantzun diete. XV. mendetik aitzina, Europako itsasgizonek Amerikatik ekarritako uztei esker, munduko demografia handizki hazi zen[1]. Itsas garraioa da munduko merkatuaren zati handiena hartzen duena.

2016an, 49.000 merkantzia-ontzi baino gehiago zegoen. Orotara, 1.800 milioi tona garraiatzen dituzte. Itsasontzi horien %28 petrolio-ontziak ziren, %43 solteko gaien itsasontziak eta %13 kontainer-ontziak[2].

Itsasontzi baten atal nagusiak. 1Tximinia; 2Txopa; 3Helizea eta lema; 4Kroskoa (ababor ezkerraldea eta istribor eskuinaldea); 5Aingura; 6Brankako erraboila; 7Branka; 8Ontzigaina; 9Aginte zubia

Euskaraz hitz bera erabiltzen da gisa bateko edo besteko itsasontziak aipatzeko. Ingelesek, ordea, ship eta boat bereizten dituzte, eta frantsesek navire eta bateau, nahiz eta batzuetan bateau hitzak ere denetarako balio izan. Artikulu honetan aipatzen diren itsasontziak dira itsasoan denbora gehienez nabigatzen dutenak, barkuak baino handiagoak direnak edota merkantziak itsasoz garraiatzen dituztenak.

Historiaurrea eta antzinaroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Fijiako itsasontzi bat.

Itsas zabalean nabigatu zuten lehen itsasontziak herri austronesiarrek eraiki zituzten (gaur egun Txinaren hegoaldea eta Taiwan dauden lekuan). Asmatu zuten teknikari esker, herri austronesiarren hedapena lortu zuten K.a. 3000tik K.A. 1500era. Taiwanetik abiatuta, Asia Hego-Ekialdeko uharteak kolonizatu zituzten, eta geroago Mikronesian, Melanesian, Polinesian eta Madagaskarren barna nabigatu zuten. Munduaren eremu erdia kolonizatu zuten, gisa hartan[3][4][5]. Austronesiarren ontzien belak goiko eta beheko aldetik lotzen zituzten haga batzuen bidez (Mendebaldeko ontzien belak goiko aldetik bakarrik zeuden lotuta)[3]. Belez gain, bidaiariek ere arraun egiten zuten. Hainbat motatako itsasontziak egiten zituzten: batelaren tamainakoetatik hasi eta egitura konplexuagoetaraino[5][6].

Austronesiako lehen marinelek eragina izan zuten Sri Lankako eta India hegoaldeko belaontzi teknologiaren garapenean, Indiako Ozeanoan eraiki zuten merkantzia sarearen bidez. Haiek izan ziren espezia merkataritza bidearen eta zetaren itsas bidearen aitzindariak, K.a. 1500ean[7].

Egiptoko itsasontzia, K.a 1422-1411n.

K.a. lehen mendean, Nusantara artxipelagoko biztanleek 50 metro baino luzeagoak ziren itsasontziak ekoitzi zituzten. 700 eta 1.000 pertsona bitartean garraiatu zezaketen eta 260 tona merkantzia. 4 eta 7 masta bitartean zituzten. Ontzi haiek Ghanaraino iritsi ziren[8].

Txinan ontzi txiki batzuk bazituzten K.a. 475-221 urteen bitartean, armadarako erabiltzen zituztenak. Lehen mendean hasi ziren agertzen lemadun ontziak, Txinan. Baina ontzi haiek ibaietan baizik ez zuten nabigatzen. Txinatarrak X. mendean hasi ziren itsasoan nabigatzeko moduko teknologia erabiltzen, Java uharteko djong merkantzia ontziak ezagutu zituztenean.

Mediterraneoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Feniziar itsasontzi bat, II. mendean.

K.a 3000 baino lehenagotik, antzinako egiptoarrek ikasi zuten zurezko taulak batzen kroska batean[9]. Taulak ehundutako uhal bidez lotu zituzten, eta taulen arteko tarteak belarrez eta kanaberaz bete zituzten[9]. Agatarkides Greziako historialari eta geografoaren arabera, Egiptoko Inperio Zaharrean, K.a 30. eta 25. mendeen bitartean, Egiptoko itsasontziek Itsaso Gorrian nabigatzen zuten[10]. Zedro zurezko itsasontziaren erreferentzia zaharrena K.a 2613 urtekoa da. Belaontziak ere eraikitzen zituzten, besteak beste 44 metro luzeko Khufu itsasontzia. Itsasontzi hori Gizako piramide handiaren azpian lurperatu zuten K.a 2500. urtean. Osorik aurkitu zuten 1954an.

K.a 1200ean, feniziarrek merkataritza itsasontzi handiak eraiki zituzten. Feniziarrak dira "lehenbiziko egiazko marinelak, pilotatze, kabotaje eta nabigazioaren sortzaileak eta zinezko lehen itsasontziaren arkitektoak"[11].

Erdi Arotik XVIII. mendera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bikingoen ontziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bikingoen drakkar itsasontzi bat.

Erdi Aroan bikingoek itsasontziak eraiki zituzten. Ezagunena da Osebergeko itsasontzia, 820an eraiki zutena[12]. 700 eta 1000 urteen artean, Drakkar izeneko ontziak eraikitzen zituzten, kostaldeko eta ibaietako erasoetarako[13]. Eskandinaviarren botere militarraren ikurrik adierazgarrienak izan ziren. Aurkitutako drakkarrik handienak (Roskildeko portuan), 35 metroko luzera du.

Bikingoek Knarr izeneko itsasontziak ere eraiki zituzten VI. mendetik IX. mendera[14]. Kroska drakkarrek baino zabalagoa, sakonagoa eta laburragoa zuten. Merkantzia gehiago hartzeko gaitasuna zeukaten. Horiek erabiltzen zituzten Itsaso Baltikoan eta Mendebaldeko Europako kostaldeko eskualdeetan merkataritza egiteko. Halaber, Ipar Amerika esploratzeko ere erabili zituzten. Eskozia iparraldeko uharteak, Islandia, Groenlandia eta Ternua esploratzeko edota kolonizatzeko erabili zituzten[15].

Asiako garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Japoniako atakebune itsasontzi bat, XVI. mendean.

Japoniak defentsarako erabili zituen ontzigintza teknikak, Mongoliak Japonia inbaditu zuenean 1281ean. XV. mendean, Txinako Ming dinastiak munduko flota handienenetakoa eta indartsuenetakoa sortu zuen. Garai berean, Japonian, burdinazko lehen lauzetako bat asmatu zuten, burdinazko itsasontziak egin ahal izateko[16]. Sengoku Aroan, XV. eta XVII. mendeen bitartean, Japoniako gailentasun feudalerako borrokan, ehunka itsasontzi erabili zituzten, besteak beste Atakebune ontzia. Korean, "Geobukseon" (거북선) edo "Dortoka ontzia" ontzia asmatu zuten XV. mende hasieran. Hura jotzen da munduko lehen itsasontzi blindatutzat[17].

Europako garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Itsas garapen iberiarra (1400-1600)»

Genovako eta Veneziako errepubliketako, Hansako ligako eta Bizantziar Inperioko nabigazioek indar handia izan zuten.

Kristobal Kolonen Santa Maria itsasontziaren maketa.

XIV. mende bukaeran, karraka itsasontzietan dorreak jarri zituzten, aurrean eta atzean. Aldaketa horren ondorioz, ez ziren hain egonkorrak. XV. mendean, karabelak eraikitzen hasi ziren Portugalen. Haizetik hurbilago nabigatu zezakeen, eta pixkanaka gero eta gehiago erabili zituzten. Karraketako dorreak kendu zituzten, eta brankako eta popako gazteluak jarri zituzten haien ordez. Horietako karraka bat izan zen Kristobal Kolonen Santa Maria.

Itsasontzi mota horiei esker, Europak esplorazio garai emankorrak hasi zituen. 1498an, Vasco de Gama Indiara iritsi zen, Atlantikotik barrena. Ondoren, Frantzia, Ingalaterra eta Herbehereak hasi ziren espainolen eta portugaldarrek zabaldutako merkataritza bide horiek ezagutzen, Ozeano Bareraino. 1606an Australiara iritsi ziren, eta 1642an Zeelanda Berrira[18].

XIX. mendetik aurrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinarotik Pizkunde garaira bitartean, gerraontzien garapenez gain, arrantza eta merkataritza ontziak ere hobetu zituzten. Itsas merkataritza asko garatu zen, itsas konpainiek diru iturri handiak eskuratu zituztelako.

XVIII. mendearen lehen erdian, Frantziako itsas armadak itsasontzi mota berri bat sortu zuen, 74 kanoi zeuzkana. Itsasontzi mota hori izan zen, gero, Europako gerraontzien oinarria. 56 metro luze zeukaten, eta 800 lagun garraiatu zitzaketen.

XIX. mendean, Erresuma Batuko Erregearen Itsas Gudarosteak esklaboen salerosketa debekatu zuen, piratak zigortzeko lan egin zuen[19] eta munduko kartografia egiten jarraitu zuen. Garai hartan clipper ontziak erabili zituzten[20]; ordura artekoak baino askoz bizkorrago zebiltzan belaontziak ziren. Laster zaharkitu ziren, ordea, lurrunontziak sortu zirenean[21], hauek askoz errendimendu handiagoa zutelako. Halaber, Suez[22] eta Panamako kanalak[23] irekitzearekin ere asko hazi zen itsas merkataritza.

Itsasontzien egitura ez zen aldatu XIX. mende bukaerara arte. Industria Iraultzaren ondoren, metalezko itsasontziak eraikitzeko gaitasunak eta propultsiorako metodo mekaniko berriek eraldatu zuten itsasontzien eraikuntza. Itsasontzi berezituak eraikitzen hasi ziren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. The Columbian Exchange. The University of North Carolina.
  2. DEVELOPMENT, UNITED NATIONS CONFERENCE ON TRADE AND.. (2017). REVIEW OF MARITIME TRANSPORT 2016.. UNITED NATIONS ISBN 92-1-112904-4. PMC 969852453. (Noiz kontsultatua: 2020-04-03).
  3. a b Meacham, Steve. (2008). Austronesians were first to sail the seas. The Sydney Morning Herald.
  4. Edwin, Jr., Doran. (1974). Outrigger Ages. The Journal of the Polynesian Society 83 (2), 130–140 or..
  5. a b Archaeology and language. I, Theoretical and methodological orientations. Routledge 1997 ISBN 0-203-28780-0. PMC 52878674. (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  6. Doran, Edwin B., 1918-. (1981). Wangka : Austronesian canoe origins. (1st ed. argitaraldia) Texas A & M University Press ISBN 0-89096-107-7. PMC 7553565. (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  7. Guy, John, 1949-. Lost kingdoms : Hindu-Buddhist sculpture of early Southeast Asia. , 22-25 or. ISBN 978-1-58839-524-5. PMC 871203082. (Noiz kontsultatua: 2020-04-14).
  8. Dick-Read, Robert. (2005). The Phantom Voyagers: Evidence of Indonesian Settlement in Africa in Ancient Times. Thurlton.
  9. a b Ward, Cheryl. (2001). «World's Oldest Planked Boats» Archaeology (Archaeological Institute of America) Volume 54, Number 3.
  10. Agatharchides, in Wilfred Harvey Schoff (Secretary of the Commercial Museum of Philadelphia) with a foreword by W.P. Wilson, Sc. Director, The Philadelphia Museums. Periplus of the Erythraean Sea: Travel and Trade in the Indian Ocean by a Merchant of the First Century, Translated from the Greek and Annotated (1912). New York: Longmans, Green, and Co., 50 eta 57 orriak.
  11. Richard Woodman, The History of the Ship (New York: Lyons Press, 1987), 16.
  12. Christensen, Arne Emil.. (1992). Osebergdronningens grav : vår arkeologiske nasjonalskatt i nytt lys. Schibsted ISBN 82-516-1423-6. PMC 28213851. (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  13. Eldar Heide (2014). The early Viking Ship types (Sjøfartshistorisk årbok 2050. 81–153.)
  14. Durand, Frédéric, 1930-. (1996). Les Vikings et la mer. Errance ISBN 2-87772-118-3. PMC 301618634. (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  15. Haywood, John A.. (1996). «Atlas des Vikings» Collectin Atlas/Mémoires (Editions Autrement) ISBN 2-86260-569-7. PMC 34978048. (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  16. Turnbull, Stephen R.. (). Samurai warfare. Arms and Armour Press, 102 or. ISBN 1-85409-280-4. PMC 36025647. (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  17. A global chronology of conflict : from the ancient world to the modern Middle East. (1st ed. argitaraldia) ABC-CLIO 2010 ISBN 1-85109-672-8. PMC 617650689. (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  18. Love, Ronald S., 1955-2008.. (2006). Maritime exploration in the age of discovery, 1415-1800. Greenwood Press ISBN 0-313-32043-8. PMC 68624105. (Noiz kontsultatua: 2020-04-17).
  19. A Brief History of Piracy | Online Information Bank | Research Collections | Royal Naval Museum at Portsmouth Historic Dockyard. .
  20. Roberts, Bruce D.. (2007). Clipper ship sailing cards. Bruce D. Roberts ISBN 0-9794697-0-8. PMC 144347403. (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  21. Atack, Jeremy. (1987-03). «A History of Industrial Power in the United States, 1780–1930. Vol. 2: Steam Power. By Louis C. Hunter. Charlottesville: University Press of Virginia, 1985. Pp. xxii, 732. $50.00.» The Journal of Economic History 47 (1): 270–273.  doi:10.1017/s0022050700047859. ISSN 0022-0507. (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  22. Karabell, Zachary.. (2003). Parting the desert : the creation of the Suez Canal. (1st ed. argitaraldia) A.A. Knopf ISBN 0-375-40883-5. PMC 50560350. (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).
  23. «A History of the Panama Canal: French and American Construction Efforts» www.pancanal.com (Panama Canal Authority) (Noiz kontsultatua: 2020-04-18).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]